EITB #10garrena podcast berria aurkeztu da Nafarroa Arena-n

2022 / URR / 13
EITB #10garrena podcast berria aurkeztu da Nafarroa Arena-n
Nafarroa Arena EITB#10garrena aurkezpenan

Ostegun honetan, #10garrena podcast sorta berria aurkeztu du EITBk Iruñeko Navarra Arenan. Aurtengo udazkenean jokatzen ari den Bertsolari Txapelketa Nagusiaren karietara, #10garrenak final ezohiko edota distopikoak proposatuko ditu. Urriaren 17tik aurrera izango da podcast sorta entzungai EITBPodkast atarian, eta astelehenero, atal berri bat eskainiko da.

#10garrenaren aurkezpen ekitaldia ustekabe eta sorpresaz beterikoa izan da. Maite Goñi EITBren Audio eta Digitaleko zuzendariak parte hartu du eta kultura arloko ordezkaritza zabala bildu da, podcast berritzaile honek proposatuko dituen ezohiko final horietako bat esklusiban entzuteko. 

Bertan izan da baita ere Dánae Riaño aktorea, berak konposatu eta ahotsa jarri baitio #10garrenaren sintoniari.

EITBk Bertsolaritza Txapelketa Nagusiari egingo dion jarraipen zabalaren baitan sustatu du #10garrena podcastaren ekimena. Txapelketak iraungo duen bitartean, Euskadi Irratiko "Hitza Jolas" eta ETB1ko "Hitzetik Hortzera"  bertsoen inguruko saioez gainera, finalerdiak ETB4n eta eitb.eus-en izango dira ikusgai. Final handiaren egunean,  berriz, "Gaur Egun" eta "Teleberri" Iruñetik egingo dira, eta finala zuzen-zuzenean eskainiko da EITBn, egun osoan, goizetik hasita.

#10garrena

Xabier Paya eta Aitzol Barandiaran gidoilariek bertso final ezohikoak irudikatu eta errealitate bilakatu dituzte. Zer gertatuko litzateke "El Juego del Calamar" ospetsuan bezalaxe, irabazlea finala bizirik bukatzen duen azkena balitz? Zer gertatuko litzateke finalista denak emakumezkoak balira? Nolakoa litzateke edozein hizkuntzatan lehiatzen baimenduko lukeen finala? Edota bertsotan publizitatea onartuko lukeena?

EITBLab departamentuak sortutako idea da eta Xabier Sukia eta Maddalen Arzallus aurkezle eta bertsolariak sormen prozesuan eta seriearen ekoizpenean parte hartu dute. Haiekin batera, aktore lanetan, Joxe Felipe Auzmendi, Aner Peritz, Itziar Urretabizkaia, Ane Gabarain, Kepa Errasti, Julene Iturbe, Uxue Alkorta, Aitzol Barandiaran, Nagore Aranburu eta Ainhoa Aierbe entzungo ditugu, besteak beste. On Time ekoiztetxearen eskutik, Iñaki Beraetxe zuzendariak eraman du ideia podcast formatura.

#10garrena-k proposatuko dituen egoera ezohiko edota distopikoekin barre, negar edo dantza egingo dute entzuleek 20 minutuko zortzi atal hauetan zehar. Saioak, gainera, Bertsolari Txapelketaren finalerako bi lagunentzako sarrerak zozketatuko ditu astero Gazteako sareetan, Bertsozale Elkartearekin lankidetzan.

 

Geure cookie eta bitartekoenak erabiltzen ditugu helburu hauetarako:

Zure ekipoan instalatzen diren cookieak konfiguratzeko, hautatu ala desautatu cookien aukerak, eta, ondoren, sakatu "Gorde hobespenak" botoia.
"Cookie guztiak onartu" botoian klik egitean, onartu cookie guztiak instalatzea.
Halaber, "cookieak errefusatu" botoiaren bidez, ukatu egiten du horien guztien erabilera.
Klikatu hemen gure Cookie Politikari buruzko informazio gehiago lortzeko.